Elur-pilota elurra eskuz trinkotuz osatzen den bola edo pilota da, elurretan jolasteko egiten dena. Elur-pilotak elur-pilota gerra batean erabil daitezke, adibidez. Gerra hauek ez dira izenak dioen bezain krudelak, eta lagun zein senideei elurra botatzea izan ohi da helburua. Eskuekin egiten den presioak amaierako elur-pilotaren emaitza aldatzen du. Presio gutxi eginez gero, elur-pilota arina eta biguna izango da. Elurra hezea baldin bada eta gehiago presionatzen bada eskuekin, "izotz-pilota" lortuko dugu, gogorragoa eta elur-pilota gerra batean mingarritzat hartuko dena.
Elur-pilota izena ematen zaio ere pilota txikiago bat elurrez estalitako gainazal batean biratuz sortzen den bola handiari. Biratzen doan heinean pilota hazten doa, eta fenomeno honek izena ematen dio elur-pilota efektuari, feedback efektu positiboa duten fenomenoei alegia. Elur-pilota handi hauek eginez elur-panpin bat sor daiteke, eskulturan behar ditugun sekzio ezberdinak sistema honen bidez eginez.
Tenperatura eta hezetasun egoera batzuetan ezin da elur-pilotarik sortu. Elurra hauts modukoa denean, zaila da elur-pilotak eratzea. 0 °Ctik beherako tenperaturan ia ez dago ur likidorik egoteko aukerarik, eta elur-pilotak ez dira ondo osatzen. Tenperatura horretatik gora, urak kohesioa handitzen du eta pilotak itxura hobea izaten du. Pertsona bat elurraren gainean oinez baldin badoa eta irrist egiten badu, orduan elur hori ez da ona izango elur-pilotak egiteko, oso elur lehorra dela adierazten baitu.